|
URTARRILA-2004
MARCOS SIMÓN | DROko Zuzendaria (Derivatives of Recombinant Organisms, S.L.)
"Donostian bioteknologiaren sektorea indartzeko denbora, gogoa eta lana behar dira"
DRO enpresa 2001. urtetik Miramongo Parke
Teknologikoan dago eta plasmidoak egiten ditu.
Une hauetan hiru egitasmo burutzen ari dira
eta beste hogei bat zehaztu dituzte I + G
Planean. DRO enpresaren merkatua ikerketa
taldeak, bioteknologia enpresak eta farmazia-laborategiak
dira. Ideia enpresarial onenaren Toribio Echevarria
lehen saria jaso berri du DRO enpesak. Jasotako
sari honek bultzada handia eman dio Donostian
bioteknologiaren sektorea handitzen ikusteko
denbora eta lan asko behar dela konsziente
den enpresa honi.
1. DROk "Toribio Echevarria"
lehiaketan aurreneko saria jaso du, Ideia
Enpresarialen arloan, Bektore Genikoak egiteagatik.
Azalduko al diguzu saritu duten ideia hori
zertan datzan eta nola jaso duzuen saria?
DRO (Derivatives of Recombinant Organisms,
S.L.) enpresa egitasmoa da eta merkatuaren
behar jakin bati erantzuteko sortu zen, hau
da, biralak ez diren bektore genikoen behar
gero eta handiagori aurre egiteko. Guk edonolako
plasmidoak egiten ditugu, eskatzen digutenaren
arabera, eta gure merkatua ikerketa taldeak,
bioteknologia enpresak eta farmazia-laborategiek
osatzen dute. Guk geure teknologia propioa
garatu dugu kalitate oso oneko produktuak
ekoizteko eta nazioarteko beste ekoizleen
ondoan, egungo teknologiarekin baino merkeago
ekoizten dugu guk eta kalitate hobearekin,
gainera.
Ideia enpresarialen Toribio Echevarria lehen
saria jaso izana gure lan berritzailearentzat
bultzada handia izan da eta sari entzutetsu
horien batzorde ebaluatzaileak aintzat hartu
gaituen seinale. Gainera, sariaren diru-ekarpenarekin
teknologiaren garapenarekin eta enpresaren
plan estrategikoarekin erlazionatutako beste
proiektu batzuk finantziatu ahal izango ditugu,
zertxobait, bederen.
2. Zuen enpresaren egoitza Donostian dago
2001. urtetik. Zein helburu eta lan-tresna
dituzue?
Enpresa 2001. urte amaieran sortu zen, Euskal
Herriko Unibertsitatearekin elkarlanean egiten
diren proiektuak laguntzeko programetan sartu
ahal izateko, izan ere, laguntza eskuratu
ahal izateko eratua egotea ezinbestekoa baitzen,
baina enpresaren ekonomia jarduera duela hilabete
batzuk hasi zen, jaso genuen lehenego eskaera
bete genuenean. Enpresa sortu zenetik EHUko
bi talderekin, Donostian bata eta Bilbon bestea,
elkarlanean, ikerketa eta garapen planari
ekin genion. I + G plan honen helburua plasmidoak
purifikatzeko sistema garatzea da, hartara,
bestek ez duten teknologia maila lortu ahal
izateko.
DROren garapenaren baitan, hiru eremu estrategiko
dauzkagu: aurrenekoa lehen aipatu dudan teknologiaren
garapena da; garapen honek balizko lehiakideengandik
bereiztea bermatzen digu. Bigarrena gure helburu-merkatua
zabaltzea da; honek merkataritza sare handia
ezartzea eskatzen digu. Azkenik, informazioa
kudeatzeko eta komunikatzeko sistema garatzea
da hirugarrena, gure baliabideak ahalik eta
hobekien kudeatu ahal izateko. Hiru eremu
hauetan uste bezala aurrera eginez gero, 2007.
urtean farmazia sektorearentzat plasmidoak
ekoizteko lantegia eraikitzen hasiko gara
eta honela, mundu mailako produkzioa asebetetzeko
horrelako zerbitzuak behar dituzten farmazia-laborategi
handien eskaera geure gain hartzeko gai izango
ginateke.
|