|
EKAINA-2003
MARILU FERNANDEZ | Altzako bulegoko burua
"Garrantzi handia
ematen diogu aurrean dugun pertsonari. Denbora
galdu du honaino etortzeko"
Udalak Altzan duen bulegoak udalarekin
lotura duen edozein gestio eskaintzen dio
hiritarrari. San Martzial plazan dago, garai
batean Altzako udaletxea izan zen eraikinean,
elizaren ondoan. Marilu Fernandezek 1966tik
darama hor lanean. Bera eskola zaharrekoa
dela dio eta pertsonek bertara hurbiltzeko
denbora galdu dutenez bulego horretan tratuari
eta errespetuari lehentasuna ematen zaiela
adierazi zigunt.
1.- Zein da zure ustez, Altzako Udal bulegoaren
egungo egoera?
- Urruntasunarengatik, Udaletxeko hallean
dagoen Argibidek egiten dituen funtzioez gain,
erregistroarekin, erroldarekin eta finantza
gaiekin loturiko gestioak ere egiten ditugu.
Orain dela bi hilabete Arantxa Lertxundik
hiritarren arretarako zerbitzuaren buruzagitza
hartu du eta oso azkar ari da egunean jartzen.
Egun, tresna berriak ezagutzen eta ezartzen
ari gara, hala nola, www.donostia.org,
web gunea. Hiritarrek informazioa eskurago
izatea da Web gune horren helburua.
2.- Zein motatako lanak egiten dituzue?
Zenbat lagun ari zarete lanean eta bakoitzak
zein funtzio du?
- Inprimakiak betetzen laguntzen dugu,
adin txikikoak atzerrira joan daitezen baimenak
ematen ditugu, errolda-ziurtagiriak egiten
ditugu...udalean egiten diren ziurtagiri mota
guztiak. Isunei buruzko informazioa ematen
dugu, autobus-bonua ematen dugu, kaleko kexak
jasotzen ditugu, tabernetan terrazak jartzeko
eta etxeetako obrak egiteko baimenak eskaintzen
ditugu...Edozein udal gestio.
Igogailuak ezartzeko eta etxebizitzak birgaitzeko
informazioa ere eskaintzen dugu. Izatezko
bikoteen paperak bideratzen ditugu, ezkontza
zibiletarako orduak ematen ditugu, Artikutzara
sartzeko baimenak ere ematen ditugu...
Aurrean dugun pertsonari garrantzi handia
ematen diogu, denbora galdu du honaino etortzen
eta bere denbora galtzeagatik ordaintzen duen
dirua ari naiz ni irabazten. Amorrazio handia
ematen digu ezin diogula lagundu edo astebete
itxaron behar duela esan beharrak...
Hiru lagun ari gara lanean, Mª Eugenia
Lazcanotegi eta nik administrazio lan berak
egiten ditugu. Pako Perez ordenantza da eta
gainera errolda ziurtagiriak eta informazioa
eskaintzen ditu.
3.- Zein dira eskaera ohikoenak?
- Agian errolda-ziurtagiriak edo edozein
motatako ziurtagiriak. Baina, edozein bisita
informazioa emateko aprobetxatzen dugu; ama
bat etortzen bada Eusko Jaurlaritzak Familia
Ugarientzat duen dirulaguntzen inguruan informazioa
ematen diogu, erretiratu bat sartzen bada
Gizarte Ongizateak dituen laguntzei buruz
hitz egiten diogu...Eta autobus, aterpe edo
udalekuen inguruko informazioa eskatzen badigute
interneten aurkitzen diegu.
Urte hauetan guztietan denetarik gertatu
zaigu...orain dela urte batzuk argentinar
bat etorri zen Altzako baserri batean bizi
ziren familiarteko batzuen bila, beraiekin
hitz egitea lortu genuen eta helbidea eman
genion. Beste batean, moja batek telefonoz
deitu zigun iloba bat bisitatu nahi zuela
baina auzora ez zekiela nola iritsi esanez.
Zein autobus hartu behar zuen esan genion,
geltokian itxaron genion eta bere ilobaren
etxeraino eraman genuen. Funtzio publikoa
dugu, ni eskola zaharrekoa naiz eta lanez
lepo banago hiruretan, lan ordutik kanpo,
etortzeko esango diot eta laguntzen saiatuko
naiz.
|