|
apirila-2006
MARISOL GARMENDIA |
Donostiako Udaleko Lehendakaritzako ordezkaria
"Donostia berrikuntza hiri izateko eta gertuko herri mugakideei loturik egoteko apustua egin dugu"
Marisol Garmendia Donostiako Udaleko Lehendakaritzako ordezkaria da, eta honako ardurak ditu bere gain: Plan estrategikoa, hiritarren arreta eta normalizazioa, harreman publikoak, alkatetzaren kabinetea, erakundeen arteko komunikazioa, erakundeen arteko harremanak eta mugaz haraindiko harremanak eta abar.
1. Zein izan dira zure lehentasunak joan den ekainean lehendakaritzako ordezkari izendatu zintuztenetik, eta zein helburu dituzu etorkizunerako?
Lehentasun nagusia hiritarrei zuzenduriko arreta modernizatzeko eta hobetzeko beharrezko mekanismoak abian jartzea izan da Donostiako Udaletik. Nire ardurapeko atal garrantzitsuenen artean aipatu beharreko beste ardatz garrantzitsu bat Donostiako Plan Estrategikoa litzateke. Zentzu honetan, Plan Estrategikoaren lana sustatzea izan da lehentasuna, hiritarrentzat oso ezaguna ez izanagatik ere, oso ongi diharduena lanean. Plana barnerantz zein kanporantz lantzeko bidea sustatu nahi da: barneranzko proiekzioa, hainbat lan-esparru berrindartuz, eta kanporanzkoa, lan hori nolabait ere gehiago ikusaraziz.
Beste lehentasunetako bat, hiriari buruz dugun ikuspegi estrategikoaz eta metropolitarraz gain, erakundeen arteko eta mugaz haraindiko harremanak sustatzea da. Oso garrantzitsua da Donostian oinarri metropolitar eta mugaz haraindikoa kontuan hartuz lan egitea, baterako proiektu eta interes guztiak zein sinergiak baliatuz.
Etorkizunerako helburua, jada abian jarririk ditugun lan-ildo guztiak sakontzean datza: Bezeroaren Arreta Zerbitzua, Plan Estrategikoa eta erakunde arteko zein mugaz haraindiko harremanak.
2. Nola ari da hobetzen Hiritarren Arretarako Zerbitzua?
Azterketa bat jarri dugu abian, eta enpresa bat esleitu dugu hiritarren arretarako zerbitzu osoa eskain dezan; hiritarrak Udalarekin harremanetan jartzeko bide nagusia izango den bulegoa. Zerbitzu oso hau 3 modutan eskainiko da: aurrez aurre, telefono bidez 010 markatuz, eta Internetez www.donostia.org udal web-ean.
Zerbitzu bateratu eta koordinatua eskaini nahi da, hiritarrek bertara jo dezaten eta orain arte Udaleko hainbat eraikuntza, departamentu eta abarretan egiten diren kudeaketak bertan gauzatu ahal izan ditzaten, hein handi batean. Arreta Zerbitzu oso honek helburutzat du BAZaren bulegoan bertan, telefonoz zein Internetez, hiritarrei hainbat informazio, izapide eta zerbitzu eskaintzea, batera eta bestera ibili beharrik izan ez dezaten. Horretan ari gara lanean dagoeneko, eta espero dut urte honen amaierarako edo datorrenaren hasierarako hobekuntza hori nabarmentzeko modukoa izatea. Hobekuntza horrek berekin du prozedurak modernizatzea eta sistematizatzea, eta baterakuntza eta koordinazioa ahalbidetuko dituen baliabide informatiko indartsu bat edukitzea, denbora eta izapideak aurreztu ahal izateko.
3. Non kokatuko da BAZaren eraikuntza berri hau?
Hasiera batean berrikuntza bat egingo da. Gaur egun Bezeroaren Arretarako Zerbitzua udaletxeko hall-ean eskaintzen da, baina udazkenerako bulego bat prestatuko da Goikoa Jauregian, ezkerreko aldean, lehen Parvisa zegoen tokian. Lanak hilabete honetan hasiko dira, eta bulego bat sortuko da lehendabizi, batez ere estatistika, errolda… barne hartuz, hain zuzen ere, gaur egun udaletxe aurrean hainbeste ilara eragiten duen hori guztia barne hartuz. Bulego berri hau hiritarren erosotasuna kontuan hartuz egokituko da, eta ilarak kudeatzeko sistema modernoagoa erabiliko du.
Udaletxeko hall-ean, segurtasun-arkuaren atzean kokaturik dagoen Argibideren zatia aurrera aldatuko dugu, eskuinetara, informazioa nahi duten hiritarrek errazago eta erosoago eskuratu ahal izan dezaten.
Horiek izango dira BAZaren behin-behineko kokalekuak, baina udal instalazioak ordenatzeko eta berrantolatzeko plan bat ere bada, eta zerbitzu oso hau erdigunean kokatzea aztertzen du epe labur-ertainera.
4. Zer balorazio egiten duzu Plan Estrategikoak onarturiko lehentasunezko estrategia eta proiektuei buruz?
Plan Estrategikoak sustaturiko proiektu estrategikoak udal indar politiko guztiek adostasun maila handiz onartu dituztela nabarmendu nahiko nuke. Nire balorazioa oso positiboa da, uste dut egiten ari garena ongi egiten ari garela. Zenbait proiektuk, estrategiak eta ardatzek hiria metropoli-esparru batean sarturik ikusten dute, gertuko herri mugakideei loturik, eta sinergia garrantzitsu eta onuragarriak sortzen ari dira.
Donostia berrikuntza hiri izateko egindako apustua ere, I+Gko eta bioteknologiako proiektuak sustatuz, oso egokia iruditzen zait. Errealitatea erakusten ari da apustu hori bere fruituak ematen ari dela, Miramongo Parke Teknologikoan I+Gko, biomedikuntzako, bioikerkuntzako… enpresa garrantzitsuak ezarriz. Nire ustez, Plan Estrategikoak beste zenbait erakunderekin lankidetzan sustatu duen esparru hau ez da hasi besterik egin.
Bestalde, kulturaren aldeko apustua ere garrantzitsua da; CICC-Tabacalera gisako proiektu handiekin eta ikus-entzunezko sektoreari ematen ari zaion babesarekin, hainbat proiektutan islatzen ari den bezala. Zentzu honetan, Plan Estrategikoak bere egunean egin zuen apustua errealitate bilakatzen ari dela uste dut, eta bete-betean asmatu duela.
5. Nola baloratzen duzu Donostiako proiektu handien diseinu eta jarraipenerako agente publiko eta pribatuak biltzen dituen Plan Estrategikoko batzordea bezalako euskarri bat izatea?
Plan Estrategikoaren bertute baina, aldi berean, erronketako bat zera da, borondateak batzea, hau da, hiriko eta honen ingurukoerakunde, sektore eta gizarte-, ekonomia- eta kultura-agenteen artean konplizitatea sortzea. Batzorde honetan agente pribatu zein publikoek parte hartzea ezinbestekoa da eta nire ustez, gainera, beraiena parte hartze aktiboa da.Balio bat ematen diote, plus bat ematen diote Planari; horrek esan nahi duaurrera pausu bakoitza era guztietako jende kolektibo batek berretsita dagoela.
Plan Estrategikoarenlana askotan sukaldekoa izaten da, borondateak batu, hitzarmenak xaxatu, bat etortzeak lortu,... agian hiritar arruntak ez du ikusten, baina azkenean iristen diren proiektuek, ezartzen diren enpresek, Planak bultzatutako sukaldeko lan handia dute atzetik. Beraz, Plan Estrategikoaren batzordea ezinbestekoa da, sektore hauek guztiak martxan jartzen diren estrategiak eta sustatzen diren proiektuak laguntzen jartzeak babes handia eta balio erantsi garrantzitsua suposatzen du.
|